24 oct. Eibar, igela ur epeletan
Zenbait astetik hona, Kirol Hiriaren kokalekua bihurtu asmo digute gure kezka nagusi. Bi toki mahai gainean, Eibar Kirol Elkarteko akziodunok bata ala bestea aukeratu dezagun.
Hiruzpalau futbol zelai eta gehienok sekula erabiliko ez dugun eraikin bat. Hamabost-hogei milioi inguru urrenez urren, Ipurua futbol zelaitik edo Untzaga plazatik hamar-hamabost minutura dauden lekuetan. Ipuruak leku berean jarraituko omen du. Baina erabiltzaileena ez ezik, herri osoarena omen da kezka.
Urez betetako ontzi bi ikusi ditu igelak. Hor dago, zein edo zein aukeratu.
Lurzorua zein udalerritan dagoen kezkatzen gaitu, bilbotarrak gisa. Eurak ere kezkaz daude, ea zein astapotrori bururatu ote zaion aireportua Loiun, erakustazoka Barakaldon, parke teknologikoa Zamudion eta Athleticen kirol hiria Lezaman egitea. Onartezina! Eibarrera ere iritsi da oinarrizko zerbitzuen deszentralizazio-prozesua.
Uretara salto egin du igelak eta konturatu da ura irakiten dagoela. Ur berotan, zipristinak hara eta hona. Korroskada berbal baldarren bat edo beste ere irten zaio. Jauzi bezain laster konturatu da igela. Ura irakiten, erretzeko arriskua. Azkar batean egin du ihes, ez du kiskalita hil nahi. Hor utzi du lapikoa, irakiten, eta joan da alboko lapikora.
Ura epel dago han. Goxotasunak eman dio pentsatzen hasteko aukera. Nola liteke Burger King eta El Corte Inglés gurera datozen garaiotan Eibar KEak hiritik ospa egitea!, pentsatu du. Triangelu berdeko merkatalgunearena kontu zaharra da, baina hanburgesen erregearena? hori berritasuna da. Eibarko mendebaldeko auzoen macdonalizazioa esango luke Ferminek.
Fabrika hutsak kolorez estaliko dituzte, opariak paperez estaltzen ditugun bezala. Oparia jaso eta ireki aurretik, edukiak baino inpresio handiagoa egiten digu kanpoko paperak, zelofanak, lazoak, eta “Zorionak!” dion pegatina diztiratsuak. Oparia ireki ondoren datoz pozak eta desilusioak. “Kaka paperian batuta” ote den, ireki arte ezin jakin… usaina ez badiogu aurretiaz hartzen.
Ongietorria fastfood horri gurera. Eibarrera baldin badator, lasai: ez da izango baserri bati baratza okupatzeko, horiek ere maldan dauzkagu eta Eibar Valleyn. Lekua egin diogu fabrika esplotatzaile eta kutsatzaileak itxi edo kanporatuta. Museorako argazkiak atera (iraganaz harro egon beharra daukagu!), eraikina bota, eta Gipuzkoako periferiako Megapark sortu beharra daukagu. Zertarako? Enplegua sortzeko, noski. Ez zara ba aurka egongo? Eske ez dakit ez ote duen lana prekarizatuko, pentsatu du batek. Betikontra dela leporatu dio besteak, izan ere, dena da enplegua.
Agur esan genien Jazzmaneko bokatei, agur Txistuko kroketei. XXI. mendean gaude, haisuek!, hain gara inportanteak, whopperrak ere izango ditugula Ospitalaren alboan. Dena osasunaren alde. Popatik Merkatu Plazako desmadrea (nola liteke Udalak ez ikuskatzea gure baserritarren tomateen trazabilitatea!, dio baten batek). Beharko dituzte hogei, hogeita hamar, berrogei urteko sasibekadunak patatak frijitzeko, zaborra botatzeko. Lana langabezian daudenentzat. Prekarioa? Langabezia baino hobe, nola egon zaitezke aurka?
Ur epeletan dago igela, eta pentsatu du ea zergatik egon behar ote den Otaola berritzearen aurka. Industriarik ez da sekula santan etorriko gurera. Nola egin enpresa bat hona etortzeko? Oso zaila da fabrika zaharretan negozio berriak ezartzea. Planeamendu urbanistikoak zailtasun handiak dauzka gure ezaugarridun udalerrian.
Eta orografia!
Aitzakirik ez zaio falta igelari ur epeletan egoteko. Baina lapikoa sutan dago. Tenperatura igotzen. Eta igela hor dago, barruan. Gorputza moldatzen zaio uraren tenperaturari. Horretan gastatuko du daukan energia, eta urak irakiten duenean, galdua izango du indarra berriro jauzi egiteko. Lehenago edo beranduago itoko da igela. Baina berak ez daki, gustora baitago ur epeletan. Aitzakien mundua elikatzen jarraitu du bere plazerrean. Lurzoru industriala? Ez dago eta maldarik gabeko ingururik. Izan ere, berotuko, asaldatuko, suminduko gara daukagun bakarrean ez baditugu entrenamendurako futbol zelaiak egiten. Epel-epel, lodi-lodi, punta motza… paperez ondo batu dezagun Mari Andresan korotza.
Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.